XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ORIXE-ren Kulturgintza ulertzeko

Entseiuaren zatiak: Lehenbiziko atalean gizon, belaunaldi edo gizarte bat epaitzekoan kontuan behar direnak aipatuko ditugu.

Historiaren prozesuan gertatu direnak agertzea ez dela aski, ezta kontzientziaren baitan parte harturikako gorpuzkinak banakatzea eta uztarkidetzea.

Areago, jakintza lanean entseiatu nahi badugu, historia horren prozesuan nahiz kontzientziatik at, baina gorpuzkin izan direnak ezagutzen eta neurtzen ahalegindu beharko dugu.

Bigarren atalean Orixe'gan baldintza ezkutu hauk zeintzuk ziren agertzen entseiatuko gara, hots, Orixe'k pairatu zituen lehen estruktura dialektikoak izendatuko ditugu.

Hirugarrenean Orixe'k eraman zuen euskal kulturaren defentsa, errefleju intuitiboaren emaitza izanik, gainera berak sekula etzuela gainditu ikusten entseiatuko gara.

Hau horrela bere kulturgintzan hutsune hanitz dagoela baieztera helduko gara.

Erreflejuaren errefleksioa eta azkenik errefleksioaren erreflejua faltatuko baitzaizkio.

Laugarrenean, eta bukaerakoan egungo euskal kulturgintzaileek Orixe'gan zer ikasirik duten ala zer deuseztaturik mugatzen ariko gara.

GIZON GIZARTE EDO BELAUNALDI BATEN PRATIKA AGERTZERAKOAN KONTUAN BEHAR DIRENAK

Dudarik ez da egungo euskal kulturgintzaileei Orixe zeharo mugatua eta arkaikua zaiela.

Hala behar ere, noski.

Baina, guztiz ere, bere muga eta arkaikotasunaren erroak zerbait agertzen entseiatu nahi genduke.

Zeren gizon bat, gizarte bat, edo belaunaldi bat, ez dago beroiek orduko errealitateaz zuten kontzientziaren, iritziaren edo balore eskalaren baitan osoki erdiesterik.

Aitzitik, jakintsu bat, errealitatea osoki erdiesteko isilean, ezkutuan edo azpijanean, gizon, gizarte edo belaunaldi bat mugatzen eta zehazten duten erro horiek ikusten eta agertzen entseiatu behar baita.

Halere, askok, beharbada gehiegik, kontzientziaren baitako errealitatean lotkiak egileen kontzientzia agertzera mugaturik, eginkizun hori errealitatearen mamia eta muina osoki ezagutzea eta erdiestea dela uste du.

Horrelakoak bere jokabide eta sinismenarekin jakintzaren egitekoa ukatuz gero, hots, kontzientziaz atikako erroak eskuratzea, kontzientziaren baitako errealitate bilakatzearen determinukeria jakintza bakartzat onartzen baitu.

Horrela denean, errealitatea nahiz materia huts edo materia-izpirituz osatuta hartu, horren bilakakera mekaniku bihurtzen du.

Dialektika ez baitago izpirituaren aurkarian, mekanikarenean baizik.

Are oraino, materia errealitatearen osotasun hartuz gero eta bere jokabidetzat dialektika izendatuz gero ere, kausatasun monolitiko batetan eror bai liteke.

Zeren matariaren haniztasuna bere gorpuzkin horietako baten ritmura eta menpera bihur eta finka bai liteke.

Honela, eta ez bestela, jokatu ohi du materia dialektiko aitortuz gero bere gorpuzkinetako bat bakarrik, materia mundu guztiaren kausa eta menperatzailetzat hartzen duenak.

Aitzitik errealitatea bere bilakakeran dialektikoki estrukturatuta egitean, kausatasun monolitikoa gaindituz gero, errealitatearen pratika uztarkideki erdiestera ailegatuko gara.

Eta orduan bakarrik bilakatze bat bere osotasunean ezagutzeko eta neurtzeko lain izan gintezke.

Baldintza hauk gogoratuz gero Orixe'gan, hots, bere errealitatearen bilakatze osoan bere kontzientziaren baitatik at egonik ere harremana izan duten gorpuzkinek erdietsiz gero argitaratzen entseiatuko gara.

ORIXE'K PAIRATU ZITUEN LEHEN ESTRUKTURA DIALEKTIKOAK

1888'ko abenduaren 6'an Orexa'n (Gipuzkoa) sortu zen gizon hura zer estruktura dialektikotan saretuta aurkitu zen aipatuz hasiko gara.

Ekonomia-premiaren dialektiko bilakakera zeharo une hertsian ari zen Euskal-Herria osoan eta batik bat gure Orixe jaio zen herrixkaren moldekoetan. (1) Ikus Euskalherria y la emigración española Eusko lurra, 1915'en zenbakia..

Gure Euskal-Herria artzain aroko gauzen komuntasunetik nekazaritzara igaroa baitzen.

Eta lurraren jabego pribatua ere pratika zen.